Itxaso Agirre eta Garazi Montuschi, Hiritarron Harrera Sareko kideak

Berri hau Donostia Futura web orrialdean argitaratu zen abenduak 1ean eta bertatik jasota dago

Donostiako Gizarte Kontseiluak urteko hirugarren eta azken osoko bilkura egin du gaur, abenduak 1. Urteko jardunaren balorazioa egiteaz eta ekitaldia ixteaz gain, 2022ko hiritarren ekimen onenaren Gizarte Kontseiluaren I. Sariak banatu dituzte finalisten artean. Daniel Zulaika Kontseiluaren presidenteak gidatu du saioa, Gemma Estevez Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialeko presidenteordea eta Eneko Goia Donostiako alkatea alboan zituela, eta hiriko kolektibo ezberdinek egindako lana balioan jarri du.

Inguruan ditugun norbanakoen bizitzak hobetzeko asmoa duten herritarren ekimenak ezagutaraztea eta balioestea ditu helburu aurten lehen aldiz banatu den Gizarte Kontseiluaren Sariak. Deialdira proposamenak aurkezteko epea udaberrian zabaldu zen, eta sariaren bidez, kolektibo ezberdinei babesa ematen dieten proiektuen lana saritu eta balioan jarri nahi du, herritarren arteko sareak ehuntzen dituztelako eta Donostia hiri lagunkoi eta integratzaileagoa bihurtzen dutelako. Lehen deialdira zortzi ekimen aurkeztu dira, hiriarentzako lehentasunezkoak diren bost arlo hauetan garatutakoak: Adinekoak, Belaunaldi-aldaketa, Immigrazioa eta donostiar berriak, Klima-aldaketa eta Auzoak.

Hauek dira Gizarte Kontseiluaren Sariaren lehen deialdira aurkeztu diren zortzi proiektuak:

  • Enréd@te proiektua, Gurutze Gorriak aurkeztua.

  • Kaleratzeen aurkako Plataforma (GEP), Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialak aurkeztua.

  • Museoetako +55 Kultur Giden Boluntariotza Programa, Helduen Hitzak aurkeztua.

  • Pandemia garaiko soinu-postalak, emozioetatik idatziak, Donostia Lagunkoiak aurkeztua.

  • Donostiako adineko pertsonen digitalizazioa babestu eta laguntzea, Almudena Esteberena +55ek aurkeztua.

  • Egia auzoko Antzerki eta Dantza Komunitario Proiektua, Ondoko | Nando Piñeirok aurkeztua.

  • Ukrainako gerrako errefuxiatuak ostalaritza sektorean laneratzeko plana, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak aurkeztua.

  • Herritarren Harrera Sarea, Gipuzkoako Gizarte Laneko Elkargo Ofizialak aurkeztua.

Epaimahaia Gizarte Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko kideek osatu dute, eta joan den irailean bildu ziren proposamenak baloratzeko eta ekimen irabazlea aukeratzeko. Proiektuek lortutako puntuazio altua eta haien arteko tarte estua ikusita, lehenengo sariaz gain, bi aipamen berezi ere egitea erabaki zuten.

Sarituak

Donostiako Gizarte Kontseiluaren I. Sariaren irabazlea Herritarren Harrera Sarea izan da, Gipuzkoako Gizarte Laneko Elkargo Ofizialak bultzatutako egitasmoa. Epaimahaiaren aburuz, gazte migratzaileena gure gizarteko kolektibo zaurgarrienetakoa da, eta haiei laguntzeko Sareak egiten duten lana funtsezkoa da. Naiara Egimendia aurkezleak nabarmendu duenez, “lan egiteko modu hori oso azkarra eta eraginkorra da, ez dute inor atzean uzten, eta aterpe bat eta babesa eskaintzen dizkiete migratzaileei”. 

Garazi Montuschi Mujika eta Itxaso Agirre Barandiaran sareko kideek Zulaikak emandako diploma jaso dute, eta sarean lan egiteak duen garrantzia azpimarratu dute eskertza hitzetan: “Gure sarea boluntarioz osatuta dago, elkarrekin lan egiten ikasi dugun boluntario taldea gara, eta funtsezkoa iruditzen zaigu instituzioek ere horrela lan egiten ikastea”. Gainera, hirira datozen gazte gehienek “herritarron berotasuna” behar dutela gogoratu dute. 

Bigarren finalista Helduen Hitza elkartearen Museoetako +55 Kultur Giden Boluntariotza Programa izan da. Ekimenaren inguruan, adinekoak aktibo mantentzeko eta gizartearen zati garrantzitsua izaten jarraitzen dutela sinestarazteko egiten duten lana nabarmendu du epaimahaiak; izan ere, beren ezagutza eta esperientzia besteekin partekatzen jarraitu dezaketela ikusarazten die, baita kulturaren eta artearen esparruan ere. 

Juan Mari Pérez Cañizal proiektuaren koordinatzaileak jaso du alkateak emandako diploma, eta ekimenean parte hartzen duten kideak izan ditu gogoan: “Guretzat plazera da bisita-gidatua gurekin egiten dutenei Donostiaren historia azaltzea”.

Azken finalista Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresaburuen Elkarteak garatutakoa Ukrainako gerrako errefuxiatuak ostalaritza sektorean laneratzeko plana izan da. Epaimahaiak nabarmendu duenez, larrialdi egoera bati erantzun azkarra emateko gai izan dira, eta gerratik ihesi zetozen herritarrei aukera bat eskaini diete. 

Kino Martinez elkarteko idazkari nagusiak Estevezengandik jaso du diploma, eta gogoratu du, “oso azkarrak” izan zirela momentu hartan, “aste gutxian Ukrainatik etorritako zortzi lagun formakuntza jasotzen ari zirelako hiriko hostalaritza sektorean lanean hasteko. Baina aldi berean, nahiago genuke horrelako proiekturik martxan jartzeko beharrik izan ez bagenu”. 

Donostiako Gizarte Kontseiluak urteko jardunari amaieran eman dio horrela, eta kideek 2023ra arte agurtu dute elkar.