Abenduaren 3an, larunbata, Feministaldia kultura feministaren jaialdiak HIJAS DEL CAMINO panela eskaini zuen Tabakaleran, doako hitzaldi eta jardueren esparru paregabearen barruan. Bertan, Anna Fux artista bisual eta idazlea eta Fatima Aspitirou integratzaile, arrazismoaren aurkako aktibista eta feminista dekoloniala entzuteko aukera izan genuen.

Jardunaldian hainbat gai jorratu ziren, feminismoak eta dekolonialtasuna, baita sexu orientazioa edo genero-identitaeari loturiko migrazioak, besteak beste. Baina batez ere aukera bikaina izan zen Fux eta Aspitirouen lanen eta bizipenen berri izateko. 

Anna Fuxek Same Same But Different argazki-liburua aurkeztu zuen, “Anna Fux eta Tito Nelly osaba filipinarraren artxibo pertsonalerako gonbidapena, hauen aukeratutako familien inguruan, non Espainian arrazializatua, migratua eta queer-ak bat egiten duen modu intersekzionalean”.

Artista bisualak artxibo historikoen garrantzian sakondu zuen, eta nola erabakitzen den zer kontserbatuko den eta zer (eta nor) ahaztuko den.

 

 

 

Fatima Aspitirouk gaur egun lantzen ari den sormen prozesua azaldu zuen, bere amaren biografia idazteari buruzkoa. Fatimak (edo Fak) narrazio hegemonikoek irudimen kolektiboetan duten garrantzia azpimarratzen zuen, bere esperientziatik abiatuta. Bere amarekin Marokoko emakumeen bizitzaz hitz egin zuela kontatu zuen, ama eta amonaren bizitzaz alegia, eta Faren ikuspegia Marokoko emakumeen errealitateari buruz Europako narratibek markatzen dutela konturatu zela azaldu zuen ere.

Irrikaz espero dugu bere liburua argitaratzea. Bertan, Aspitirouk bere nerabezaroan feminismoari buruz jaso zituen lehen nozioak kontatzen ditu, momentu batean non lehenengo aldiz bere ama agentzia eta bizipen propioak zituen pertsona gisa ezagutzen hasi zenean. Gainera, emakumeak amazig kulturan duen papera azaltzen du liburuak, edo Frantziarekin izandako gatazka armatuetan emakumeek izan zuten funtsezko rola. “Imajinatu nire aurpegia 15 urterekin, nire amona Marokoko iraultza antikolonialaren agente ezkutua izan zela jakin nuenean. Eskolan, komunikabideetan edo kalean kontatu zidaten historia guztia, marokoko emakumeei buruzkoa, gezur hutsa zen. Historia marokoar emakume indartsu eta ausartez beteta dago”.

 

Bi hizlariek adierazi zuten Feministaldiaren edizio bat iritsiko dela, non hau bezalako mailak ez diren “maila dibertsotzat” hartuko, baizik eta jorratzen duten gaien inguruko maila, besterik ez. Hala ere, migratu duten familietatik etortzea kategoria absolutu bilakatzen da askotan. Hori dela eta, ohikoa da, ohikoegia, “zuen herrialdeei” buruzko erreferentziak, nahiz eta bat Espainian jaio zen eta bestea Alemanian. Erlijioaren eta feminismoaren arteko bateragarritasunari buruzko zalantzak eta galderak ere errepikatzen dira maiz, jorratzen ari den gaia edozein dela. Erlijioari buruz eztabaidatzen jarraitu behar da, batzuetan hain tentsioz eta minez dagoen eztabaida agortu gabe, emankorra eta beharrezkoa baita. Baina feminista eta kristaua izateak dakartzan kontraesanei buruz hitz egiten dugun modu berdinean. Kontua da ea zalantza horiek bakarrik agertzen diren norbaitek hiyab bat daramanean.

Inor ez denez ikasita eta deseraikita jaio, hemen ditugu islamofobia, erlijioa eta feminismoa bezalako gaietan sakontzen jarraitzeko baliagarriak izan daitezkeen material batzuk. Besteak beste, hemen kontsulta dezakezu 2018ko Islamofobia eta Generoa: Emakumeak, feminismoak, erakundeak eta diskurtsoak sexismoaren eta arrazakeriaren aurrean txostena, gazteleraz.

 

 

Hemen, Feministaldiko Hijas del camino solasaldi osoa:

 

HONEN HARIRA: Hija del camino, Lucia Mbomío Rubioren liburua

Ez da kasualitatea jardunaldiaren izena Lucia Mbomío Rubioren eleberriaren izenburuarekin bat etortzea, panelistek esplizitu egin zuten Mbomioren omenaldia Tabakalerako aurkezpenean.

Lucia kazetaria eta idazlea da, dokumentalak zuzendu eta gidoilatu ditu eta hainbat hedabidetan lan egin du. 2019an Hija del camino argitaratu zuen, bi munduren artean, beti bazterrean, esertzen den ama zuri eta aita beltzeko gazte espainiar baten istorioa kontatzen duena. Nortasunari, familia-loturei eta arrazakeriaren aurkako borrokari buruzko eleberri apurtzaile bat. SOS Arrazakeriak online solasaldi bat antolatu zuen idazlearekin, Zurrumurruen aurkako lanketen barruan: Liburuekin solasean. 

Bertan Esther (Mayoko) Ortega irakasle eta ikertzaile afrofeministak eta Silvia Agüero Fernández, ama ijitua, mestiza, feminista eta laktiaktibistak ere parte hartu zuten.

Honekin batera, A! Esan-eko Fernanda Candidak UPV/EHUko Feminismoak eta dekolonialtasuna jardunaldiari buruz egindako kronika kontsulta dezakezu ere.