Hasiera eman diogu Egiazko Auzoa proiektuari

Nola burutu dezakegu proiektu parte-hartzaile bat Egiako auzoan, ingurumen-jasangarritasuna, kontsumo arduratsua eta feminismo dekolonialaren ikuspegia txertatuz? Galdera honekin hasiera eman diogu Egiazko Auzoa proiektuari, SOS Arrazakeriak Emaus Gizarte Fundazioarekin batera Egiako auzoan burutzen duguna.

Erronka handia dugu, baina horretarako gai hauek jorratzen dituzten hainbat elkarterekin ikaskuntza-prozesu bat antolatu dugu, hau da, gai bakoitzean adituak diren elkarteekin elkarrengandik ikasteko gunea. Lehenengo saio honetan Saretuz-ekin elkartu gara, Donostiako kontsumo eraldatzailearen sarea; baita Cristina Enea Fundazioarekin ere, eta proiektuan Darkum Elkarteak ere parte hartzen du, hirian bizi diren gazte migranteekin lanean dabilen boluntariotza taldea.

Aisialdia tresna eraldatzaile gisa

Proiektu honetan aisialdia izango da ardatz nagusi, bertan parte hartzen dugun elkarte guztiok aisialdia erabiltzen baitugu era batean edo bestean tresna eraldatzaile bezala. Maiz aisialdia kontsumo eredu tradizionalarekin lotzen dugu, baina saio hauen bitartez alternatibak sustatzeko estrategiak eta saiakerak aztertuko ditugu.

Hau kontutan harturik, aisialdiaren bitartez auzo inkulsiboago bat eraiki nahi dugu. Izan ere, 2020ean Hau Egia Da! sareak aurkeztu zuen auzoaren diagnostikoan jatorria beste herrialde batean duten egitarren eta hemen jaio diren egitarren arteko topagune falta bat identifikatu zuten. Danok espazio berdinak erabiltzen ditugu, bai, baina ez dira maiz ematen elkar ezagutzeko aukerak. Auzo berdinean bizi gara, baina ez gara elkarrekin bizi. Elkarbizitza hobe bat sustatu nahi dugu proiektu honekin, eta ikaskuntza prozesuan ematen diren ikaspenak auzoan jarriko ditugu praktikan, Darkum-ek gidatuko duen prozesu parte-hartzaile batean.

Auzoan bizi garen guztiok osatzen dugu Egia. Eta zuk, nolako auzoa eraiki nahi duzu?