Errefuxiatuen munduko egunaren bezperan, heriotza berri batek gure kontzientziak kolpatzen ditu. Mugako kontrol ilegal eta arrazista baten hamargarren biktima da. Euskal Autonomia Erkidegoa, beraz, Europar Batasunaren politikek lurralde osoan zehar ereiten dituzten migratzaileen eta errefuxiatuen hilerrien zerrendara gehitu da.

SOS Arrazakeriak urteak daramatza politika horiek salatzen. Gure erakundeei eskatu die jarrera argia har dezatela Frantziako gobernuaren aurrean, mugako kontrol hori desager dadin. Horri buruzko adierazpen batzuk egon dira, baina ezer ez da aldatu. Berriro eskatzen diegu euskal erakundeei, Ipar Euskal Herriarekiko lurralde arteko esparru instituzionalean, hau da, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdean, gobernu berrira eta igande honetan Frantzian egingo diren hauteskundeetatik aterako den gehiengo parlamentario berrira jotzeko, mugako kontrol horiek bertan behera uzteko eskatzeko.

Urkullu lehendakaria, 2020an Euroeskualdearen presidente hautatua, Euroeskualdearen urteko batzarrera joan zen iazko martxoan, eta nabarmendu egin zituen bileraren eta mugaz gaindiko garapenaren aldeko misioa, balioak eta anbizioa. Bada, balio horien artean ez badago gure lurretik igarotzen diren pertsona guztien bizitza, diskriminaziorik gabe; anbizio hori Eliseoko ateen aurrean gelditzen bada mugako kontrolak bertan behera uzteko eskatzeko orduan, Euroeskualde hori ez da gurea, ez gaitu ordezkatzen.

Horregatik,

– Bidasoako heriotza horien erantzule diren mugako kontrolak salatzen ditugu

– Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen esparruan igande honetako hauteskundeetatik sortuko den Frantziako gobernuari zuzentzeko, mugako kontrolak bertan behera uzteko exijituz.

– Berriro diogu herritarrei dei egiten diegula politika horiek arbuiatzen dituztela adieraz dezaten, errefuxiatuen munduko egunaren barruan, igande honetan, hilak 19, 12: 00etan, Donostiako Aquariumetik abiatuko den manifestaziora joanez.

Donostia 2022/06/18

Gipuzkoako SOS Arrazakeria