Urriaren 17a, Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna
Zero Pobrezia Donostiak salatu du gatazka batzuetan mugak malgutzen diren bitartean hurbiltasun geografiko eta kulturala dela-eta, beste batzuetan, ordea, bazterketa, indarkeria eta heriotza gertatzen direla
• 65 gerra aktibo daude munduan, eta lekualdatzeak eragiten dituzte. Jazarpenetik eta indarkeriatik ihes egiten duten pertsonak berdintasun egoeran babesten dituzten asilo-politikak behar ditugu.
• Errusiak Ukraina inbaditu ondorengo asilo-politikek erakutsi dute elkartasuna eta justizia soziala posible direla. Hala ere, erantzun bera ez da eman beste gatazka batzuetan.
• Bizi-martxa batek giza eskubideetan oinarritutako asilo-politika unibertsalak aldarrikatuko ditu Zu bai, zu ez: asilo-eskubidea pertsona guztientzat lelopean.
Donostian, 2022ko urriaren 17an. Urriaren 17a Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna oroitzen da. Horregatik, Donostiako Zero Pobrezia plataformak, 16 gizarte-erakundez eta gizarte-mugimenduz osatuta, antolatutako jarduerak aurkeztu ditu (argazkia, manifestua eta kartela erantsita).
Kolektibo honek ohartarazi du egun 65 gerra aktibo daudela munduan, baita mugak irekitzeko desberdintasunak larriak direla ere asiloa, aterpea eta babesa lortzeko. Halaber, adierazi du Europar Batasuneko estatuentzat “pertsona batzuen bizitzek gehiago balio dutela beste batzuenak baino”. Azaldu du Errusiak Ukraina inbaditu ondorengo asilo-politiken oraintsuko kudeaketan, frogatuta geratu dela elkartasuna eta justizia soziala posible direla, “baina ez giza eskubide unibertsalen ikuspuntutik, zeren eta gatazka batzuetan mugak hurbiltasun geografiko eta kulturalagatik malgutzen dira, baina beste batzuetan bazterketa, indarkeria eta heriotza gertatzen dira mugetan”, salatu dute.
Donostiako Zero Pobrezia plataformak sistema kapitalista heteropatriarkala jotzen dute desberdinkerien egiturazko kausen, pobreziaren, ingurumenaren degradazioaren eta behartutako migrazioen arduraduntzat. “Urtero, milioika pertsonak ihes egin behar izaten dute beren herrialdeetatik jazarpena jasaten dutelako hainbat arrazoirengatik: arraza, erlijioa, nazionalitatea, iritzi politikoak, hondamendi ekologikoak, talde sozial jakin batekoak izatea, generoa eta sexu-orientazioa. Bai eta gerrengatik ere”, gogoratu dute. Gainera, aitortu dute desparekotasun horien kausak “multifaktorialak direla, eta erabaki politiko eta ekonomikoen ondorio direla, eta oinarrian dituzten agendak giza eskubideen defentsatik eta justizia sozialaren aldeko migrazio politiketatik oso urrun daudela”.
Donostiako Zero Pobrezia plataforma 2005ean eratu zen eta 16 erakundez eta gizarte mugimenduez osatuta dago. Honen helburua da salatzea giza eskubideen urraketak eta pobrezia eta desberdinkeriak eragiten dituzten kausak. Gainera, gizartea mobilizatzea eta sentsibilizatea du helburu herritar kritikoak eta aktiboak lortzeko eta mundu mailan aldaketak sortze aldera, beti ere gertutik dugun esparrutik hasita.