Kultura aniztasuna bigarren hezkuntzan
ikasturte honetan bigarren aldiz burutu da “kultura aniztasuna bigarren hezkuntzan” proiektua, Errenteriako ikastetxean. Aipatutako proiektua 2019. urtean Errenteriako udalak proposatutako lizitazio baten ondorioz sortu zen, eta honek Errenteriako bigarren hezkuntzako ikastetxeetan kultura-aniztasuna ardatz duen prozesu integral bat egitea du helburu. Proiektuaren helburua elkarbizitza sortzen laguntzea da, ikastetxeetako kulturaren arteko aniztasunari eta praktikei balioa emanez eta baita arrazakeriaren eta jatorri ezberdinetako pertsonen aurkako diskriminazio ororen aurka borrokatuz. Helburu horiek lortzeko, urria eta maiatza bitartean, SOS Arrazakeriako hezkuntza-taldeak sentsibilizazio tailer ezberdinak gauzatu ditu ikasle eta irakasleekin. Aurtengo honetan Errenteriako sei ikastetxek hartu dute parte proiektuan: Bizarain, Cristobal Gamon, Koldo Mitxelena, Orereta, Egiluze eta Telleri. Guztira DBH 2., 3. eta 4. mailako 20 gela ezberdinetako 461 ikaslerekin egin dute lan. Eta ikasgela bakoitzeko 10 ordu inguruko formakuntza izan da. Irakasleei dagokienez, 2020an, irakasle-taldeetako 100 pertsona inguruk jaso dituzte kulturarteko hezkuntzari buruzko prestakuntza-saioak. Gainera, ikasturte honetan ikasleekin sare sozialetan aktibismoa lantzea izan da helburuetako bat, eta horrek aldi berean, ikasturte osoan iraungo zuen prozesuari garrantzia emateko balio izan du. Hala ikasturtearen hasieran, @piztukolore kontua sortu zen Instagramen, ikasleekin batera, eta tailer bakoitzaren ondoren ikasitakoarekin hainbat argitalpen egin dituzte, besteak beste, zurrumurruen aurkako kartelak sortuz edo migrazioari buruz hausnartuz.