13 elkarte bildu gara ikaslegoari gure proiektuak azaltzera

Urtero bezala, pasa den asteko irailak 20ean Deustoko unibertsitatera gerturatu ginen, Donostiako kanpusean, ikaslegoan boluntariotza sustatzera. Unibertsitateak Boluntariotza Azoka antolatzen du urtero, eta oraingoan 13 elkarte elkartu ginen bertan. Proiektu oso desberdinak aurkeztu ziren, baina elkar ezagutzeko aukera bikaina izan zen, baita ikusteko gure gizartea eraldatu nahi duen perstona asko direla ere.

 

Bertan izan ginen Urretxindorra proiektua aurkezteko eta Mentoretza Soziala zer den azaltzeko. Izan ere, urtero Deustoko hainbat ikasle gure Mentoretza proiektuan mentore bilakatzen dira urte batez. Urretxindorra proiektuak harremanetan jartzen ditu unibertsitate eta goi mailako heziketako ikasleak, 10 eta 14 urte bitartean dituzten ume eta gazteekin, jatorria beste herrialde batean dutenak. Astero 3 orduz elkartzen dira aisialdian elkar ezagutzeko, parkean, patinatzen, zineman… Honek onura handiak ditu bai mentore, bai mentoratuentzako. 

Mentore bilakatzeko aukera paregabea

Iraila eta urrian zehar aurtengo mentore berrien bila gabiltza. Aurten gainera proiektua Araba eta Bizkaiara zabaldu da, ZEHAR Errefuxiatuekin eta Ellacuria Fundazioarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker.

Eskuartze psikosozialeko metodologia bat barrutik ezagutzeko aukera paregabea da, baina ez pentsa soilik gizarte zientzietako ikasleek eman dezaketela izena. Urtero fakultate eta zentro desberdinetako ikasleak ditugu, ingenieritzakoak, irakasleak, enpresakoak… 

Hau irakurri baino, hobe partaideen hitzak zuzenean entzutea ondorengo bideoan:

Mentore izan nahi al duzu? Deituiguzu! 

943 32 18 11