JONE URIONAGUENA
SOS Arrazakeria Gipuzkoa
SHEILA PADRONES
Emaús Gizarte Fundazioa
BideGurutzean-en argi dugu guztiok badugula zer ikasi, baina baita zer irakatsi ere. Eta hau guztia partekatzeko hainbat topagune sortu ditugu proiektua osatzen duten erakundeen artean, hurrengo lan-ardatza erdigunean jarriz: egiten dugun ekintza guztietatik, zer ari den eraginkorra izaten pertsonak eraldatzeko?
Ibilbidea irailaren 29an hasi zen, noiz harremanetan jartzeko lehenengo topaketa eduki genuen. Bertan, agenda komun bat adostu genuen, guztiek beren indarguneak zein diren konta diezaguten, eta bidean eskuratutako jakintzak transmiti diezazkiguten. Baina baita zalantzak partekatzeko eta besteengandik ikasteko gunea sortuz ere; horrek gure ekintzak indartzeko aukera emango digulakoan.
Urriaren 27an, berriz, Darkum-en txanda izan zen, helburu bikoitzarekin sortutako elkartea: gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden kolektiboei laguntza ematea eta, aldi berean, euskal gazteen profil berriak normalizatzea. Beraien bi urteko ibilbidean, ekintza-ibilbide luzea dute. Eta horri esker, gurekin partekatu nahi izan dituzten ikaskuntza baliotsuak atera ahal izan dituzte.
Darkum osatzen duten pertsonek ideal bat partekatzen dute: beren bizi-baldintzak hobetzea. Baina bidea ez da erraza, are gutxiago zauden lekuko hizkuntza, kultura edo konbentzionalismo sozialak ezagutzen ez dituzunean. Horrek guztiak hainbat arazo sortzen ditu bide horietan dabiltzan pertsonen artean. Hala, Darkumen parte hartzen duten pertsonen % 80k arazo emozionalak ditu, % 67k ikasteko arazoak eta % 52k jokabide-arazoak.
Ezaugarri horiek dituzten pertsonekin ibiltzeak Darkum laborategi bihurtu du, non hainbat lan-metodologia probatu diren, taldearen beharrak asetzeko egokiena aurkitu arte. Hortaz, Darkum osatzen dutenek badakite funtsezkoa dela konfiantzazko espazioak sortzea, parte-hartzaileek beren bizipenak, prozesuak eta zailtasunak partekatzeko aukera izan dezaten. Bata bestearekin identifikatuta eta bermatuta sentitzeko espazioak. Horrela, laguntza emozionala ematea lortu dute, eta laguntza operatiboagoa ematea ere, baliabideak eta jakintzak partekatzeko laguntza.
Espazio horiek sortzea erraza izan ez bazen ere, orain badakite nola egin. Entzumenetik egiten dute, parte hartzen dutenei ahotsa emanez eta beren proposamenak gauzatuz: mendira edo hondartzara irteerak, serigrafia, zurgintza edo bizikletak konpontzeko tailerrak, zinemara joatea, futbolean jokatzea, kontzertu batera. Eta taldea inspiraziorik gabe dagoenean, osatzen duten pertsonen bizi-egoerak eragotzi egiten dielako, dinamizatzaileek bere tresnak zabaltzen dituzte taldeak dituen trebetasunak detektatzeko, eta horiek sustatzeko jarduerak proposatzen dituzte.
Tresna horiei esker, taldera nola hurbildu ere antzeman ahal izan da. Konfiantzatik, bai. Baina baita kodeak ezagutuz eta erabiliz ere, batzuetan ezezagunak eta deserosotasunean murgiltzen gaituzten kodeak. Baina elkarrizketarako bide berriak irekitzen ere laguntzen digutenak: hitz egiteko era, erreferente kulturalak, esploratu gabeko teknologiak, agian menperatuko ez ditugunak. Ezinbestekoa da horietan arakatzea, epaitu gabe erabiltzea, erabiltzen dituenaren lekuan jarriz. Horrek enpatizatzeko eta hurbiltzeko aukera emango digulako. Eta hortik abiatuta, harreman eraldatzaileak sortu daitezkeelako.
Darkum-en ikaskuntzak hemen aipatutako alderdietara murriztea, bere lanari justizia ez egitea litzateke. Horregatik, erakunde hau hobeto ezagutzera gonbidatzen zaituztegu, beraien jardueretara hurbiltzera eta bertan parte hartzera. Denok dugulako zerbait irakasteko, baina baita asko ikasteko ere.
Bidegurutzean izeneko gurutzatze hau Emaus Gizarte Fundazioak eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriak bultzatzen dute, CEP Alforjarekin (Costa Rica) lankidetza estuan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin. Eta bertan Butroi Bizirik Trantsizioan, Cenderos, Darkum, Gu Haziak Gara, SOS Arrazakeriako Etxeko Langile Taldea, Saretuz eta Cristina Enea Fundazioa bateratzen gara, amesten ditugun komunitate inklusiboetan elkarrekin egoteko.