JONE URIONAGUENA
SOS Arrazakeria Gipuzkoa

SHEILA PADRONES
Emaús Gizarte Fundazioa

BideGurutzean-en azken aurreko geltokira iritsi gara. Ibilbide hau irailean hasi zen, gizartea eta pertsonak eraldatzeko lanean ari garen hainbat gizarte-erakunderen arteko harremanetarako lehen gune gisa. Darkum, Gu Haziak Gara, Cenderos eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriako etxeko langileen taldearekin partekatu ondoren, Mungiara hurbildu gara Butroi Bizirik Trantsizioan taldea ezagutzera, Uribe Butroe lurraldearen eta pertsonen gaitasunak lantzen dituen elkartea, ingurumen-ondorioei aurre egiteko eta horiek eraldatzeko helburu duelarik.

Baina, gainerako saioetan ikusi izan dugun bezala, gizartea eraldatzeko antolatzea ez da erraza. Horregatik, BBTk proiektuak bultzatzeko aukera ematen dien eredu bat garatu du, saiakeran ito gabe. Sistema hau ‘gogotsu’ eta ‘laguntzaile’ irudietan oinarritzen da. Horrela, proiektu bakoitzak, alde batetik, pertsona sutsu bat du (gogotsu), lider eta sustatzaile lanak bere gain hartzen dituena, eta, bestetik, laguntzaileak, hau da, une jakin batzuetan gogotsu dagoen pertsonari aurrera egin dezan laguntzen dioten pertsonak. 

Baina laguntzaileek ez dute laguntza materiala bakarrik ematen; izan ere, BideGurutzean osatzen duten erakunde guztiek dakitenez, laguntza emozionala ezinbestekoa da taldeek era egokian funtziona dezaten. Hortaz, laguntza emozionala emateak une onetan eta txarretan egotea eskatzen du. Horrela, trantsiziorako mugimendurantz biratzea eragin zien hitzaldi batek bideratuta, ospakizunerako espazioak eskaintzen dituzte; espazio informal horiek, egiten dituzten ingurumen-aldarrikapenetatik haratago, elkar ezagutzeko, elkar ulertzeko eta taldean lan egiten ikasteko aukera ematen diete, aldaketa-proposamenak bultzatzeko.

Izan ere, BBTk aspaldi utzi zion erakunde aldarrikatzaile hutsa izateari, erakunde proposatzaile batean bihurtuz, oso argi bait dute aldaketa ekintza txikietatik bultzatu behar dela egunerokoan. Eta, era berean, ez dela etorriko kutsadura eta baliabideen ustiapen handiagoa sortzen ari diren erakundeetatik. Horregatik, “Kezkatzen bazaitu, egizu!” leloaren alde egiten dute,  gustuko ez dutena eraldatzeko ekintza kolektiborako gonbita eginez. 

Horrela, taldearekiko konfiantzatik eta mundu bidezkoagoa lortzeko ilusiotik abiatuta, tokiko fauna eta flora ezagutzeko bisita gidatuak, hitzaldiak eta ingurumen-sentsibilizaziorako tailerrak, tximeleten oasiak, zuhaitz-landaketak… antolatzen dituzte eta baita tokiko azoketan parte hartzen dute ere. Aldi berean, beraien lokala bertako kontsumo-taldeentzako topagune bihurtu da, elikadura-subiranotasuna lortzeko borrokan. Baina badakite talde txiki batek ez duela ezer lortuko modu independentean. Horregatik, sarean lan egiten ere ikasi dute eta hainbat elkarte eta ekimenekin kolaboratzen dute: Goiener, REAS, Ekhilur, Bidezko Merkataritza, Ekologistak Martxan, Lurgaia eta abar.

Hori guztia eta askoz gehiago borondatez eta modu independentean garatzen dute, administrazio publikoen eta dirulaguntzen menpe egon gabe, nahiz eta, benetako aldaketak bultzatzeko erakundeetan eragiteak duen garrantziaz jabetuta, batzutan haiekin ere lankidetzan aritzen diren. Baina hau egiten dutenaren zertzelada bat besterik ez da. Horregatik beraien web orrialdean eta sare sozialetan saltseatzera gonbidatzen zaituztegu, euren jarduera guztien berri izan dezazuen eta gehien interesatzen zaizkizuenetara hurbildu zaitezten.

Bidegurutzean izeneko gurutzatze hau Emaus Gizarte Fundazioak eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriak bultzatzen dute, CEP Alforjarekin (Costa Rica) lankidetza estuan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin. Eta bertan Butroi Bizirik Trantsizioan, Cenderos, Darkum, Gu Haziak Gara, SOS Arrazakeriako Etxeko Langile Taldea, Adsis, Saretuz eta Cristina Enea Fundazioa bateratzen gara, amesten ditugun komunitate inklusiboetan elkarrekin egoteko.