BideGurutzean

Bideak eta mugak zeharkatuz, beste mundu posible batzuk eraikitzeko

Ekimen sozioekonomikoak

Inoiz pentsatu al duzu zein kaletan ibiltzen zaren? Jabetzen al zara espazio horiek sorrarazten dizkizuten sentimenduez eta emozioez eta zergatik erabiltzen dituzun batzuk besteak baino gehiago?

Horren inguruan hausnartu dugu azken hilabeteotan BideGurutzean proiektuan lan egiten dugun zenbait erakunderekin. Hondartzak edo parke zabal eta zuhaitzdunak bezalako gune naturalak edota zaintza kontsumoaren gain jartzen dituzten tabernak izan dira Darkum (Donostia), Gu Haziak Gara (Aretxabaleta) eta SOS Arrazakeriako Etxeko Langile Taldeak (Errenteria) nabarmendu dituzten espazioak. 

Adibidez, Darkum elkarteko gazteak hobeto sentitzen dira Donostiako hondartzetan, itsasoaren soinua entzuteak lasaitasuna ematen dielako eta atseden hartzeko aukera ematen dielako. Gu Haziak Gara elkarteko emakumeak ere nahiago dituzte naturguneak, Aretxabaletako ikastetxearen atzean dagoen bidegorri parkea, esaterako. Gipuzkoako SOS Arrazakeriarekin elkartutako etxeko langileen taldeak, ordea, gehiago gozatzen du Cyne Reyna-n, Errenteriako Zumardiko taberna ezagun batean; bertan etxean bezala sentitzen direlako.

Ez da talde horiek espazio horietara joaten diren lehen aldia. Baina bai sortzen dituzten emozioei buruz kontzienteki hausnartzen duten lehenengoa. Eta horrela konturatu dira guztien emozioak ez datozela bat, nahiz eta leku berean egon, plazan bertan; nahiz eta hara elkarrekin iritsi. Izan ere, batzuk nahi bezala sentitzen diren tokian, beste batzuk deseroso sentitzen dira. Eta horri buruz hitz egiteak elkarrekin hausnartzeko eta desberdintasunak aztertzeko aukera eman die. Eta era berean, topagune komunak bilatzeko aukera eman die, berdinetik berdinera erlazionatu ahal izateko, inork geruza baten azpian babestu beharrik izan gabe, edo kanpoan geratzeko, leku egokienean ez egoteagatik.

Hala erabaki dute etxeko langileek, eta ostegun arratsaldero kafe bat hartzeko biltzen hasi dira, ez Cyne Reynan, Errenteriako Lekuona zentroan baizik. Izan ere, konturatu ziren Reynara zihoazenak oso gustora zeudela han, baina bazirela falta zirenak, inoiz hurbiltzen ez zirenak. Zergatiaz ere konturatu ziren. Eta beste espazio batzutara gerturatzeko erabakia hartu dute, lotuago egon ahal izateko. Etxeko langilea bazara eta deskonektatu eta beste kide batzuekin elkarbanatzeko gogoa baduzu, ongi etorria zara!

Emakumeen Etxeak beraientzat duen garrantziaz ere ohartu dira. Espazio horretara, printzipioz, SOS Arrazakeriaren eskutik baino ez dira joaten, arrotz sentitzen dutelako, tokiko emakumeentzat bakarrik den zerbait bezala. Baina urte hauetan hainbat ekarpen egin dizkie etxe honek ere: espazioaren berotasuna, arreta psikologikoa, espazio seguru batean elkarrekin egoteko aukera. Orain horretaz jabeturik, maizago erabiliko dute.

Gu Haziak Gara-ko emakumeak, berriz, kale jakin batzuetatik ez zirela inoiz pasatzen konturatu ziren. Kale nagusiak saihestu eta bigarren mailako kaleetan babesten ziren, plaza itxiak saihesten dituzten bezala, non harrapatuta, behatuta eta epaituta sentitzen diren; terrazaz eta saltokiz betetako plaza horiek, arkitektura-eskuliburuek ‘funtzionatzen dutenak’ bezala sailkatzen dituztenak. Hala ere, kide batek harro kontatzen digu: «Orain burua altxatuta noa kale nagusitik. Zergatik ez nintzen hortik pasatzen, kaleak nireak ere badira?”

Darkum-eko gazteek ere aldatu dute hirian mugitzeko modua. Gizon magrebtar gazteak izateagatik duten estigmaz jabetuta, ibilbideak aldatu dituzte, kaleen jabe sentituz, baina arazoak edo salaketak eragin diezazkieketen leku jakin batzutatik igarotzea ekidinez. Tabakalera babeslekuetako bat da, eta eroso eta etxean bezala sentitzen dira bertan. Baina bakarrik elkarrekin daudenean. Bakarrik daudenean, aldiz, babesik gabe, mehatxatuta eta epaituta sentitzen dira. Horregatik, egoera horri buelta emateko estrategiak sortu dituzte, indartsu senti daitezen eta adorea ematen dieten elementuetan oinarritu daitezen: ezagutzen duten norbaitekin begirada gurutzatzea, pinponean jolastea, leku bereziren batean atseden hartzea.

Hori guztia orain badakigu, Junturak egindako ikerketa baten emaitza delako. Arkitektura-kooperatiba horrek komunitatea, eta ez eraikinak, eraikitzeko lan egiten du. Haientzat garrantzitsuena testuingurua ulertzea eta bertatik abiatuta espazio bizigarri eta inklusiboak sortzea baita; arkitekturak pertsonen bizitzaren zerbitzura egon behar duela defendatzen baitute. 

Juntura-rekin arkitektura emozioetatik landu dugu, mugitzen garen lekuak identifikatuz eta gure sentipenak mapa baten gainean islatuz. Saio trinko horiei esker, gero elkarrekin egingo genuen ibilbidea aukeratu ahal izan dugu. Ibilbide hori aurkitutako sentimenduen arabera egin da: ongizatea eta lasaitasuna, deserosotasuna, elkartzeko beharra. Horrela aukeratu dira Aretxabaletako herriko plaza eta bidegorriko parkea, Tabakalera eta Donostiako hondartzak, Emakumeen Etxea eta Errenteriako Cyne Reyna.

Modu konszientean ibilbidea egiteak hainbat gauza gehiagotaz ohartzeko aukera eman digu. Bidegurutzean osatzen dugun elkarteok beharrezkoa uste baitugu gure komunitateak eraldatzea inklusiboago bihur daitezen. Eta horretarako, non eta nola mugitzen garen jabetzea funtsezkoa dugu.  Horregatik, gure bideak zeharkatzearen aldeko apustua egin dugu, sinetsita baikaude gure arteko harremanetan sortuko dela ezagutza hori, beste mundu posible batzuk eraikitzeko.

Espazio publikoen erabilerari buruzko ikerketa. Komunitatea sortzen dokumentuan jasoko dira emaitzak. Ondorio orokorrak ateratzeko, azterketa sakon bat egin beharko litzatekeela jakinda, askoz elkarte gehiagorekin, baina, aldi berean, hausnarketa horiek beste gizarte-erakunde batzuentzat baliagarriak izango direlakoan, laster partekatuko dizuegu publikazio hau.

 

Ekimen sozioekonomikoak

Aztarna ekologikoaren konpentsazioa

Hauek gurutzatzeko kilometro asko egin ditugu bi urte hauetan. Horregatik, 2023ko abenduan ahal izan genuenak elkartu ginen sortutako aztarna ekologikoa konpentsatzeko zuhaitz landaketa bat egiteko. Ondo pasatzeaz gain, une hau sarea sendotzeko eta etorkizuna ehuntzeko aprobetxatu genuen. Gure bideak berriro gurutzatzeko irrikitan gaudelako!