Donostia Zinemaldia lankidetzan ariko da SOS Arrazakeria Gipuzkoaren mentoretza sozialerako programekin

Donostia Zinemaldia lankidetzan ariko da SOS Arrazakeria Gipuzkoaren mentoretza sozialerako programekin 50 zinema-sarrera emanez. Akonpainamendu-programa horiek erreferentziazko pertsona bat ematen diete kausa sozioekonomikoengatik kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboei, eta pertsona horrekin lotura bat sortzen dute, gizarteratze-prozesuan laguntze aldera.

Irailaren 16tik 24ra egingo den Zinemaldiaren 70. edizioko saioetara joatea testuinguru berean kokatzen da. “Sarrera horiek akonpainamendu-programa horietan parte hartzen duten pertsonen artean banatuz, pertsona horien gizarteratze-prozesua normalizatzen eta sendotzen da, Donostia Zinemaldia eskuraezin gisa ez agertzea lortzen baita; aitzitik, gure gizarteko pertsona guztiak sar ditzake, hala nola beste kultura batzuetatik iritsitakoak”, Karlos Ordoñez SOS Arrazakeria Gipuzkoaren mentoretza sozialerako programen koordinatzaileak azaldu duenez.

Mentoretza soziala hauskortasun-egoeran dauden pertsonekin esku hartzeko baliabide ba da. Halako egoeran egonik halako programetan bildutako pertsona bakoitzari mentore bat esleitzen zaio, astean hiru orduz lagun diezaion, gutxienez sei hilabetez. Horrela, gizarteratze-prozesuarekin zerikusia duten alderdiak lantzen dira, hala nola autoestimua, sozializazioa edo ongizate psikosoziala. SOS Arrazakeria Gipuzkoak mentoretza sozialerako hiru programa ditu: lehenik, Urretxindorra, unibertsitateko edo goi-mailako ikasleak nerabezaroaurrean dauden haur migratzaileekin lotzen dituena, eta, halaber, aste hauetan, hain zuzen ere, unibertsitate-boluntarioak sartzeko ateak irekita dituena bere bederatzigarren edizioari begira; bigarrenik, Izan Harrera, ZEHAR Errefuxiatuekin elkartearekin batera garatua, non SOS Arrazakeria elkarteko boluntarioek akonpainamendua egiten dieten errefuxiatu edo asilo-eskatzaileei; eta hirugarrenik, Itsasargia programa Pasaian bizi diren emakume autoktono eta migratzaileei zuzendua, Elhuyar Fundazioarekin batera. Gainera, Hiritarron Harrera Sarea ekimenarekin batera, kalean bizi diren gazteei akonpainamendua egiteko prozesuak ere gauzatzen dira.