Hariak: Erresistentzia istorioen zinemaldia
(2022ko azaroak 3-13)
Bihar goizean, asteazkena 9, Hernanin izango gara Hariak zinemaldian, Hernaniko Erresistentzia istorioen zinemaldian. Kulturarteko Plaza Feministan hartuko du leku eta emanaldirako sarrera librea da aforoa bete arte, zinemaldiko beste guztietan bezala.
Bertan KALEAN (EN LA CALLE) dokumentala aurkeztuko dugu, Hiritarron Harrera Sarearekin batera 2021ean egindakoa. Bertan, gure inguruan kale egoeran bizi diren gazteen bizipenak kontatzen dira. Gazte horietako batzuk zinemaldian izango dira solasaldian, Hiritarron Harrera Sareko eta SOS Arrazakeriako Garazi Montuschi kidearekin batera.
HARIAK ZINEMALDIA
Zine jaialdiaren lehen edizioa da eta Hernaniko Udaleko Lankidetza arloak antolatzen du. 13 film eta dokumental proiektatuko dira, Kulturarteko Plaza Feministan. Jatorri eta gai desberdineko lanak egongo dira ikusgai. Proiekzio bakoitzaren ondoren, solasaldi eta mahai inguruak izango dira gaian sakontzeko.
Munduko errealitate desberdinen arteko harremanak landu eta egoera ezberdinekiko sentsibilizazioa sustatzea da helburua. Zinemaldiaren aurkezpenean antolatzaileek nabarmendu zuten moduan, “munduan zehar ematen diren giza eskubideen urraketak ikusaraziko dituen zine zikloa izango da, baina batez ere, urraketa horien aurrean antolatutako erresistentziei leku egingo diena. Horiek baitira istorio guzti hauek elkarren artean lotzen dituzten hariak”.