2019an jarri zen martxan emakume migratuekin akonpainamendu sozio-komunitarioko Itsasargia programa. Urtebeteren ondoren, programan parte hartu duten emakume guztiekin batera, proiektuaren ebaluazioa eta itxiera egiteko ordua da. Horretarako, parte-hartzaileen bizipenak, kezkak eta esperientziak biltzen dituen bideo bat egin du udalak, eta atzo maiatzaren Antxoko Kultur Etxean egindao ekitaldian aurkeztu zen. Bideoa aurkezteaz gain, aurten Itsasargian parte hartu duten emakumeekin esperientzien trukea eta aurtengo edizioaren itxiera egin zen.

Pasaiako itsasargiak nabigatzaileari etxera iristeko bidea erakusten dion bezala, Itsasargia programak herriko emakume eta emakume-elkarteen laguntzarekin, Pasaiara iritsi berriak diren emakumeei harrera egitea eta integrazio-prozesuan laguntzea izan du helburu. Izan ere, Pasaiako Udala aspalditik ari da herrian bizi diren bizilagun guztien aukera-berdintasuna eta elkarbizitza positiboa bermatzeko urratsak ematen: harrera-protokoloa, aholkularitza juridikoa, jatorri askotariko emakumeen taldea, 2019. urtean aurrera eramandako gizarte-mentoretzako proiektua… Testuinguru honetan, aurrera begira ere lanean jarraitzeko, geldialdi bat egin, eta egindako ibilbidearen zatitxo bat jasotzea da helburua.

Pasaiako Udaleko Migrazio eta Aniztasun Arloak eta Berdintasun Arloak martxan jarri duten egitasmo berritzailea izan da Itsasargia proiektua, SOS Arrazakeria eta Elhuyar elkarteekin elkarlanean. Uxue Bereziartua Lonbidek (Berexiart) egin du ikus- entzunezko laburra, eta, bertan azken edizioko parte-hartzaileen ahotsak entzuteko aukera dago.