Aste honetan Publifestival, Publizitate Sozialaren Nazioarteko Jaialdiaren 18. edizioa ospatu da Madrilgo CaixaForumen. Bertan, Izan Harrera, errefuxiatuekin eta migratuekin egindako Gizarte Mentoriaren proiektuak sari bat irabazi du. Proiektuaren edizio honetako komunikazio-kanpainak, Laszlo Hace ekoiztetxeak ekoitziak, Proiektu edo Gizarte Ekintzako Ekoizpen Onenaren saria jaso du.

 

Kanpainak, SOS Arrazakeria Gipuzkoa, ZEHAR Errefuxiatuekin, Caritas eta Arrats elkarteen eskutik, tokiko pertsonekin harremanetan jartzen ditu errefuxiatuak eta, aurten lehen aldiz, baita migratzaileak ere, leloak dioen bezela, Una amistad inesperada sortzeko. Kanpainari esker, aurtengo ediziorako boluntarioak aurkitzeko helburuak lortu ziren, denbora errekorrean.

Izan Harrera, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren mentoria sozialeko programak laugarren edizioari hasiera eman zion duela hilabete. Hamalau mentore boluntariok hartu dute parte, eta jatorri desberdineko hamalau pertsonari laguntzen diete banaka: Mali, Paraguai, Maroko, Kolonbia, Burkina Faso, Ginea Konakry edo Errusia.

Asteko lehen hitzordu horietan, parte-hartzaileek jakiten dute, programari hasiera eman zion spot sarituak dioen bezala, “uste duguna baino askoz gehiago dugula komunean”. Astez aste, Donostia, Tolosa, Pasaia edo Errenteria ingurua deskubritzen dute. Pixkanaka adiskidetasun-harremana indartzen dute, eta praktikan egiaztatzen dute harrera posible dela eta gure gizartea hobetzen ari dela.