Gipuzkoako 57 elkartek Irun eta Hendaia arteko mugan ematen den kontrol arrazista salatu dugu

Atzo, martxoak 16, Irun eta Hendaia artean dagoen zubian izan ginen Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako XXV. Martxa aurkezteko. Bertan ematen den kontrol selektibo arrazista salatu genuen, aurten bertan jarri nahi baitugu fokoa PASA leloarekin.

Irungo Harrera Sareko Ion Arangurenek azaldu zuen bezala, frantziar Estatuak Hendaiako mugan mantentzen dituen kontrolak Europar Batasunean ilegalak dira, eta segurtasun nazionalaren salbuespena erabiltzen da aitzaki gisa, orain dela sei urtetik honera, kontrol selektiboak mantentzeko. Hendaia eta Irun banatzen dituen zubi hortan, pertsona zuriak ez dituzte gelditzen, baina arraza edo jatorrizko herrialdearen arabera beste askorentzako ezinezkoa suertatzen da. Esaterako, pasa den ostiralean gazte senegaldar bat desagertu zen ibaia gurutzatu nahiean, onartezina den arrazakeria instituzionalaren beste biktima bat.  

Guztira, 57 elkarte atxikitu gara aurtengo martxara. Hauen izenean, atzo Paty Ortiz de Záratek hasiera eman zion aurkezpenari, Euskadiko GGKEen Koordinakundearen izenean. Bertan izan zen ere Haizea Bernas, medicusmundi Gipuzkoako teknikaria, saioa kudeatzen. Bernasek Bidasoako gaztearekin batera, pasa den astean Maroko eta Kanarias artean ito ziren 44 pertsonak ere aipatu zituen. Izan ere, hainbat dira Europako Batasuneko kanpo mugak, SOS Arrazakeriako Agustín Unzurrunzagak esan bezala. 2021. urtean, gutxienez, 1315 pertsona hil ziren Mediterraneo erdialdean, 41 ekialdean, eta 324 mendebadean, migratzerako bidean. SOSeko kideak azaldu zuen bezala, nazioarte mailan, migrazioaren kudeaketa Afrikar eta Europar Batasunen arteko agendan dago, baina itzulieretan zentratutako estrategia bat jarraituz. 

Irunen eta beste hainbat tokitan gertatzen dena salatzeko, ETOR ZAITEZ GUREKIN MARTXARA!

IGANDEAN, MARTXOAK 20

11:30 TRINTXERPEKO AZOKATIK 

Urtero bezala, Usandizagako Grafika Publizitarioko ikasleek diseinatu dute aurtengo martxarako komunikazio kanpaina. Evon Etxeberriak eta Sandra Fernandezek egindako lana aurkeztu zuten: Kartelak diseiniatzearekin batera, ekintza bat antolatu zuten prentsaurreko egunean Irungo zubian.

Ikus itzazu bertan egindako ekintzaren argazkian ondorengo galerian: