Azzaddine El Hamdi-ek gaur urte bat bete du Estatuan, eta 8 hilabete baino gehiago daramatza Donostian. Bere prozesu migratorioa –hainbat gazterena bezela– momentu latz ugari izan ditu, baina gaurkoan irrifartsu dabil Aste Nagusiaz hitz egiten. Bertan parte hartu du lehenengo aldiz. 

20 urte bete dituzte aurten Donostiako Piratek, 20 urte jai herrikoi, partehartzaile eta askatzaileak sustatzen. Jaiak hiriaren aniztasunaren islada izan daitezen, hainbat eragile eta herri mugimendu gonbidatu dituzte aurten Aste Nagusian parte hartzera, besteak beste, Hiritarron Harrera Sarea eta SOS Arrazakeria Gipuzkoa. Izan ere, hiriko gazteak dira jai hauen euskarri, eta Azzadine bezalako gazteek ere osatzen dute Donostiako gazteria. 

Proposamena zabaldu genuenean ez genekien zelako harrera izango zuen, baina ustekabe atsegin batekin topo egin genuen. 42 lagunek eman zuten izena Abordatzean parte hartzeko, gehienak gazte migratzaileak baina baita ere ekimen desberdinetako bolondresak. Horien artean, Kaleko Afari Solidarioak, auzotar talde bolondresa, egunero egoera zaurigarrian dauden pertsonei afariak banatzen dituen taldea. Elkarrekin, ontziak eraikitzeko paleak bilatu eta Donostia abordatzeko prest ginen. 

 “Oso aste berezia izan da niretzat, lehenengo aldiz hemengo jaietara joateko aukera izan dudalako. Kultura desberdina da, eta enekien zer zen Abordatzea, baina zinez ondo pasa genuela” dio Azzadinek. Egoera zaurigarrian dauden pertsonei buruz hitz egiterakoan, aisialdiaz disfrutatzeko aukerak izatearen garrantzia azpimarratzen du: “Bakoitzak egoera desberdin bat dauka, askorenak benetan gogorrak dira, baina guk ere deskantsatzeko beharra daukagu, ondo pasatzeko beharra. Ez dugu ekintzak egiteko aukera handirik”.

Lily Henning-entzako ere lehenengo aldia izan da Abordatzean parte hartzen. “Gure ontzietakoak parte hartzearekin hunkituenak ziren, liluratuta zeuden” dio SOS Arrazakerian bolondres moduan dabilen gazte alemaniarrak. “Ideia azaldu zidatenean enekien ondo aterako ote zen, baina nola joan zen ikusita, benetan bai ideia ona! Super ondo pasa genuen, talde moduan lan eginez, eta niretzako hemengo ohitura baten parte sentitzea oso berezia izan zen. Oso polita izan zen bai parte hartu genuenontzako, bai ikusten zeudenentzako ere”. Lilyk ere balioan jartzen du ekintzan parte hartu izana batzuen aurreiritziak apurtzeko. Gazte hauek elkarri laguntzen, irrifartsu eta modu partehartzaile batean ikusteak eragin positibo bat izan dezake pertsona migratzaileak soilik elementu negatiboekin lotzen dituztenengan. 

“Badakit jaiak gazte bolondresek antolatzen dituztela, eta nik ere bolondres izatea gustoko dut. Bai laguntzeko, baita jendea ezagutzeko ere.” dio Azzadinek. Abordatzean parte hartzeaz gain, gazteetariko batzuek ere txanda bat egin zuten La Flamenkan, portuan dagoen eszenatokian. Bai Azzadinek zein Lilyk diote datorren urtean errepikatzeko irrikitan daudela, eta ziur daude gazte gehiago animatuko direla, harrotasunez erakusteko Donostia harrera hiria dela.