SOS Arrazakeriako hezkuntza eta mentoretza sailak, Emaús Gizarte Fundazioa, Saretuz, Cristina Enea Fundazioa, Darkum, Hiritarron Harrera Sarea eta Setem hego haizeak hartu dugu parte saioan.

Aisialdia asko erabiltzen dugu gure proiektuetan, eta baita gure egunerokotasunean ere. Eta honi buruzko hausnarketa egiten gabiltza Egiazko Auzoa proiektuan. Honekin aisialdia beste modu batean ulertu nahi dugu, izan ere aisialdi eraldatzaile, jasangarri eta inklusibo bat sustatu nahi dugu proiektu honekin. 

Honi buruz ikasteko eta gure praktikak eraldatzeko asmoz, hainbat saio burutu ditugu beste eragile batzuren eskutik. Cristina Enea Fundazioarekin batera jasangarritasuna eta naturarekiko sentsibilizazioa landu genuen. Darkum Elkarteak, berriz, Feminismo Dekolonialari buruzko tailerra gidatu zuen. Oraingo honetan, SARETUZ elkartearen txanda izan da, kontsumo arduratsutik abiatuta Egian ematen den aisialdia aztertuz.

BAINA HASIERATIK HASI GAITEZEN, ZER ULERTZEN DUGU AISIALDITZAT?

Euskaltzaindiak dioen arabera, aisialdia ondorengoa da:

Lanik edo zereginik gabeko tartea, nahi den eran bete daitekeena. 

Hau ikusita, pertsona askok ez lukete aisialdi eskubiderik izango, lanik ez dutelako. Adibidez, gurekin egunero dauden eta kale egoeran dauden gazte atzerritar asko.

Honekin bat ez gatozelako, saioa hemendik abiatu zen, definizio berrien bila. Horretarako, hausnarketarako ariketa bat burutu genuen non pertsona bakoitzak ‘aisialdia’ entzuterakoan burura datozkion hitzak aipatu zituen. 

Hauek izan dira gure hitzak: 

 

Jarduerarik eza, atsedena (4), denboraren inbertsio ona, denbora librea (3), partekatzeko espazioak, deskonexioa, jarduera, despejatzeko lekua, gozamena (2), dibertimendua (2), erlaxazioa, birkargatzea, askatasuna, partekatzea, gastua, harremanak.

Ondoren, hitz horiekin, eta taldeka, guretzat aisialdia zer den definitu genuen:

* Aisia partekatzeko, harremanak izateko, gozatzeko, atseden hartzeko, deskonektatzeko eta baliabide berriak ezagutzeko espazioa da, gure denbora librea ondo inbertituz.
* Atsedenaldia egiteko edo gozatzeko jarduera bat egiteko leku batean egotea, modu dibertigarrian eta pilak kargatzeko aukera emanez.
* Atsedena, gure denbora librea askatasunez partekatu ahal izateko, modu indibidualean edo kolektiboan dibertituz edo modu inaktiboan.
 

Lan hontatik abiatuta, maiz aisialdia ekoizpen eta kontsumoaren logikatik ulertzen dugula jabetu ginen, eta zeinen zaila egiten zaigun handik haratago pentsatzea, gastuan oinarritzen ez den aisialdian alegia. 

_

Eta Egia auzoan, zeintzuk dira kontsumotik kanpoko aisialdi aukerak?

Hausnarketa hau sustatzeko auzoaren mapeoa egin genuen. Binaka auzoko zonalde ezberdinetik pasieran ibili ginen, toki ezberdinen ezaugarriak behatuz, zonalde bakoitza erabiltzen duten pertsonengan arreta jarriz, aisialdirako bereziki pentsatutako guneak aztertuz, eta, batez ere, bertan ematen diren harremanetan erreparatuz. 

Hemen, landutako mapak:

Eta ariketa honetatik ateratako ondorioek, dudak argitzeko eta aukera berriak zabaltzeko ere balio izan zigun. 

Ba al genekien erakunde publikoen barne dauden espazioetan, adibidez gure eskola publiko edo kulturetxeak, kanpo proposamenak burutu ditzakegula?

Edota erakundeek eskaikitako ekintzetaz gain, beste eragile batzuk ere ari direla agenda kultural bat sortzen auzoan? Adibidez, Tabakaleraz gain, Txondorra kulturgunea dugu Egian, non Ttanttakun irrati euskaldun librea kokatzen den; eta baita La Taberna ere, zeinan Jam Session-ak ospatzen diren. 

Bestalde, gutxiago ikusten diren zona batzuek duten potentzialaz ere aritu ginen, Matigotxotegiko parkea edo Benita Asas plaza bezalako guneak, besteak beste. 

Interesgarria litzake aukera guzti hauek hobeto identifikatzea, ondoren publiko anitz bati zabaltzeko. Eta horretan arituko gara Egiazko Auzoa proiektuan, Egian dauden aisialdi kontsumo eredua eraldatuz auzo inklusiboago bat sortu eta bizitzeko asmoz. 

Saretuz, Donostian elkarrekin lan egiten duten 12 erakundek osatutako sare bat gara. Helburua, kontsumo eredu alternatiboak balorean jartzea da:  Eraldatzaileak, arduratsuak eta kontzienteak 

Gure kontsumo-ekintzen eraginei eta haien ondorioei buruz eta zer gizarte-eredurantz jo nahi dugun hausnartzeko aukera eman nahi dugu.

Eta benetako alternatibak ematenez, hala nola, Mapa Saretuz.

Dibulgazio materiala prestatzen dugu, formakuntzak eta tailerrak eman eta alternatibak proposatzen ditugu. Gehiago jakiteko, jo ezazu gure web orrialdera: