Feminismo dekoloniala

Zer sentitzen duzu arabieraz entzuten duzunean kaletik?
Ingelesa entzutean gauza bera sentitzen al duzu?
Zer datorkizu burura emakume arrazializatua esaten badizut?
Imaginatu duzun emakume horrek euskeraz egiten balu, harrituko al zinake?

Honelako galderetatik abiatuta aritu ginen pasa den astean, Tabakalerako terrazan, Darkumek gidatutako tailerrean. Asmoa feminismo dekolonialaren ikuspegia eta honen hainbat ezaugarri ikustea zen, behar batetik abiatuta. Izan ere, gure inguruan, bai militantzian, zein antolatzen ditugun ekintzetan etab., maiz emaukume migratzaile gehiagoren falta nabaritzen dugu. Adibidez, SOS Arrazakeriak edo Emaúsek egiten ditugun lanetan mutil gazte magrebiarrak askotan dira protagonistak, ez ordea neska gazte magrebiarrak. Hau zergatik ematen al da? Arrazoi eta faktore anitz daude, baina neska hauen bizipenak eta zein punturarte espazioetan eroso sentitzen diren ulertzea ezinbestekoa da. 

Bizipen hauek ulertzeko, Intersekzionalitatearen kontzeptua landu genuen. Zer da, ba, intersekzionalitatea? Gizapediak ondorengo definizioa erabiltzen du:

Intersekzionalitatea edo intersekzionaltasuna emakumea izateagatik eratzen den desberdintasun soziala gizartean eratzen diren beste desberdintasunekin (arraza, klase soziala, sexualitatea, adina, handikap fisiko edo psikikoak, etnia, itxura fisikoa, …) gurutzatu eta horien ondorioz indartu egiten dela baieztatzen duen ikuspuntu feminista da. Kimberlé Crenshaw abokatu afroamerikarrak 1989 urtean sorturiko kontzeptua da, emakume afroamerikarrek pairatzen zuten diskriminazio eta dominazio anitza deskribatzeko, emakume zein beltza izateagatik. Geroztik, feminismoaren hirugarren olatuaren ikuspuntu nagusi bilakatu da emakumeek pairatzen duten zapalkuntza azaltzerakoan.

Maila teoriko batean lantzea baino, kontzeptu hau nola bizitzen den landu genuen, identitate kategoriek talka egiten dutenean. Pribilegoetaz aritu ginen ere, feminismo okzidentalak dituen erronkak aztertuz, batez ere bere burua unibertsal gisa ikusten duenean. Askotan, ez-jakintasunetik hitz egiten dugunean, feminismo txuriak ez ditu faktore kultural edo erlijiosoak kontuan hartzen, edo ulertzen ere ez. Hau ikustarazteko, Darkumeko Sara Mchichou-ek saioa gidatu zuen, bestelako feminismoak aldarrikatzeko, eta kultur artekotasunean emakume askok bizi dituzten esperientziak apur bat hobeto ulertzeko. 

Saioan errepikatu zen esaera erabiliz, gaia ‘meloi’ handia da, bi orduko tailer batean gainditzen ez dena, baina hausnarketa eta eztabaidarako gunea sortu genuen elkarte desberdinetako eragileekin. Darkumekin batera, bertan izan ginen Emaús FS, SOS Arrazakeria, Cristina Enea Fundazioa, Saretuz, Hiritarron Harrera Sarea eta SETEM Hego Haizea. Ikuspegia gure eguneroko lanean txertatzeaz gain, bereziki Egiazko Auzoa proiektuan emango den prozesu parte-hartzailean praktikan jarriko dugu. 

 

Darkum Elkartea

Gazte migrante eta egoera zaurgarrian dauden beste pertsonei laguntza eskeintzeko helburua duen elkartea da Darkum. Eguneroko errealitatean sortzen diren beharrei erantzun nahi die, eta horretaz gain hezkuntza eta lanbidean ibilbide autonomoak sortzeko aukerak aztertzen ditu.

Ezagutu ezazu hobeto egiten duten lana, edota izena eman ezazu bertan boluntario izateko, elkartearen webgunean.