JONE URIONAGUENA
SOS Racismo Gipuzkoa

SHEILA PADRONES
Emaús Fundación Social

BideGurutzean-en aurrera goaz, gure bideak beste elkarteekin gurutzatuz, eta Darkum eta Gu Haziak Gara bezalako erakundeen lana ezagutu ondoren, ozeanoa birtualki zeharkatuko dugu Cenderos erakundeak egiten duen lanean sakontzeko. Elkarte hau 1999an jaio zen, Costa Rica eta Nikaragua arteko mugan, eta iragaitzazko pertsonak laguntzen ditu, migratzaileen giza eskubideak, eskubide ekonomikoak eta eskubide sozialak sustatzeko helburuarekin.

Horretarako, mugaz gaindiko lotura komunitarioak sendotzera bideratzen ditu bere ahaleginak; izan ere, gizarte-eraikuntza gisa, komunitatea ezin baitu estatu batek administratiboki mugatu. Hortaz, Cenderos-ek migratzailekin zein Costa Ricako biztanleriarekin lan egiten du, eta baita nazioarteko babesaren eskatzaileekin edota, migratu beharrik gabe, bere bizitza mugaren bi aldetan egiten dutenekin ere. Hori guztia honako premisa honen pean: pertsona guztiak dira beren ingurunean gertatzen denaren partaide, eta bat ere ez da estigmatizatu eta baztertu behar.

Komunitate osoarekin lan egite horretan, parte-hartzea funtsezkoa da. Izan ere, Cenderos-ek argi du elkarteko langileek ez dutela bitartekari izan behar, pertsonen sustatzaile eta laguntzaile baizik, beren bilaketa eta autonomia propioan. Horregatik, lidergo protagonikoak zein kolektiboak babesten dituzte Herri Hezkuntzaren ikuspegi metodologikotik, pentsamendu kritikoa eta gizarte-sarearen indartzea sustatuz.

Baina migratzeak sendatzen zailak diren zauriak uzten ditu, eta, horregatik, Cenderos-ek laguntza psikosoziala du lan-ildo, migrazioari berezko zentzua ematen dion berrikuste- eta sendatze-prozesuak bultzatuz, eta hau bizi-proiektuaren parte dela ulertuz; alderdi hau pertsonen ahalduntzerako funtsezkoa bait da. Horrela, pertsonak beren eskubideen eskaeran subjektu aktiboak izatea sustatzen dute, bai eta indarkeriarik eta diskriminazio mota guztietatik libre bizitzea ahalbidetuko duen egonkortasun sozioekonomikoko bizi-proiektu baten garapena ere.

Indarkeriarik gabeko bizitza bilaketa honetan Cenderos-ek hainbat estrategia garatu ditu: funtzionarioei lehen laguntza psikologikoetan trebatzeko tailerrak eskaintzea edo erakundeen erantzuna monitorizatzea, feminizidioa prebenitzeko edo komunitatean kontzientziatzeko berehalako laguntzarako baliabideak ahaztu gabe.

Eta, bakarra ez bada ere, hori da bere indargune handienetako bat, lan honekin ehunka emakumeren bizitzak eraldatzen dituztelako, indarkeria-zikloetatik atera eta bizitza osoagoa eta komunitate-eremu batean kokatuta dagoen bizitza lortuz. Alde horretatik, komunitate-sustatzaileek lidergo-rolak betetzen dituzte, kafe-arratsaldeak, sukaldaritza-tailerrak edota artisautza-topaketak antolatuz. Topaketa horietatik, hainbat emakume beraien bizi-prozesuetan laguntzen dituzte, elkarrizketa informalen bidez indarkeria-egoerak jasaten ari direnak identifikatzen eta Cenderos-ek kudeatutako programetan parte hartzera gonbidatzen; hauek bai psikologo profesionalen koordinakuntzapean. Zentzu horretan, egungo sustatzaile gehienak indarkeria jasan dutela eta askapen-prozesua beren gorputzetan bizi izan dutela nabarmendu behar da; beraz, inork baino hobeto dakite beste emakume batzuei nola lagundu.

Baina indarkeria guztiak prebenitzea eta desagerraraztea ez da Cenderos-en zeregin bakarra. Eskubideen eta herritartasun erabilera defendatzeko eta tokiko ekonomia alternatiboan oinarritutako eredu sozioekonomikoa sustatzeko ere lan egiten dute. Horrela, Darkum eta Gu Haziak Gara-rekin egin genuen bezala, hemen kontatzen duguna erakunde honek egiten duen lan handiaren zati bat baino ez da. Horregatik, hobeto ezagutzera gonbidatzen zaituztegu, sare sozialetan jarraituz eta, Costa Rica bisitatzeko aukera baduzu, beraien komunitateetan ere.

Bidegurutzean izeneko gurutzatze hau Emaus Gizarte Fundazioak eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriak bultzatzen dute, CEP Alforjarekin (Costa Rica) lankidetza estuan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin. Eta bertan Butroi Bizirik Trantsizioan, Cenderos, Darkum, Gu Haziak Gara, SOS Arrazakeriako Etxeko Langile Taldea, Adsis, Saretuz eta Cristina Enea Fundazioa bateratzen gara, amesten ditugun komunitate inklusiboetan elkarrekin egoteko.