Hezkuntzari bira, kanpora begira

Gizarte eraldaketarako hezkuntza antiarrazista eta feministaren arloan, bigarren hezkuntzan

Proiektua

Zergatik?

Proiektu hau Gipuzkoako SOS Arrazakeriak gizarte eraldaketarako hezkuntza antiarrazista eta feministaren arloan, bigarren hezkuntzan gauzatzen duen lanaren inguruan hausnartu eta sistematizatze behar batetik sortzen da.  Urte guzti hauetan sortutako ikasketa, baliabide, material eta ezagutzetatik abiatuta eta proiektu honetan zehar sortuko diren ezagutza berriak txertatuta, helburua orain arteko lana aberastu eta indartzea da. 

Nola?

Horretarako, Ikerketa Ekintza Parte Hartzaile bat diseinatu dugu, egungo hezkuntza errealitatearen diagnostiko bat gauzatuz gure lanari marko kontzeptual eta metodologiko bat ematen diona. Horretarako hezkuntza komunitatearen parte diren agente ezberdinen ezagutzak eta gaian adituak izan daitezkeen eragile eta pertsonen ezagutzak jaso ditugu metodologia kualitatiboen bitartez (elkarrizketa erdi egituratuak eta eztabaida taldeak). 

Emaitzak

Prozesuan zehar lortutako ezagutza eguneratuak 2 proposamen didaktiko integraletan islatu ditugu: alde batetik gazteekin gaia lantzeko jarduera koaderno bat eta bestetik irakasle eta hezitzaileak formatzeko gida bat. Testuinguru ezberdinetara egokitutako proposamena da, giza eskubideen, feminismoaren eta iraunkortasunaren ikuspegia barneratzen dituena. 

Hizkuntzari bira, kanpora begira
Arrazakeria eta kulturartekotasuna
nerabezaroan eta Bigarren Hezkuntzan

Hezkuntza diagnostikoa 2022

Ikerlariak:
Huarte Gonzalez, Ines
Mendizabal Goikoetxea,Maddi
Arruti Irigoyen, Beñat
Montuschi Mujika, Garazi

Hezkuntza zentroek arrazakeria, kultur-artekotasuna eta giza eskubideen esparruan dituzten beharrak eta erronkak testuinguruan jartzen dituen txosten honen helburua hezkuntza errealitatearen diagnostiko eta marko gisa balio izatea da. 

Dokumentu honetan aurkitzen da gaiaren testuingurua eta marko teoriko bibliografikoaren garapena, ikerketaren helburuen eta diseinu metodologikoaren azalpena, prozesuan zehar lortutako analisi eta emaitza nagusien aurkezpena eta bukatzeko, ondorio orokorren islapena, etorkizunerako lan ildoak marrazten dituena.

Hizkuntzari bira, kanpora begira
Gazte eta nerabeekin antirrazismoa lantzeko gida
Jarduera koadernoa
2022

Gidaren helburua arrazakeriaren eta diskriminazioaren aurkako ahaleginean gazte eta nerabeei formakuntzak emateko baliabide eta jarduerak proposatzea da.Nerabe eta gazteekin lan egiten duten pertsonei zuzendutako gida da, nork bere autonomian aplikatzeko, lan eta sozializazio esparru ezberdinetan, bai hezkuntza formalean, baita ez formalean ere.

Gidak arrazakeria, diskriminazioa eta migrazioaren inguruko oinarrizko kontzeptuen definizioa barneratzen du, eta jarraian gazteekin gai horiek lantzeko jarduerak proposatzen ditu. Zentzu honetan, formakuntza eta ezagutza maila ezberdinetara egokitu daitezkeen materialak dira, eta egokituak izateko malgutasun nahikoa dutenak.

Hizkuntzari bira, kanpora begira
Gazte eta nerabeekin lan egiten duten
irakasle eta hezitzaileentzako gida

Arrazakeriaren aurkako hezkuntza 2022

Gida hau gizartea eraldatzeko hezkuntzan aurrera egiteko helburuarekin sortu da, irakasleen eta hezkuntzaren esparruan lan egiten duten pertsonen prestakuntza premiaren detekziotik abiatuz. Beharrezkoa baita hezkuntza espazioetan kulturartekotasunari, diskriminazioari eta arrazakeriari buruz hitz egitea, ez delako  itxaron behar gure hezkuntza eremuetan diskriminazio egoera larriak gertatzea gaia lantzeko. 

Gida honek argudio, dinamika eta informazio orokorra eman nahi die irakasleei. Proposatutako jarduerek pentsamendu kritikoa piztu nahi dute, pertsonek beren prozesu pedagogikoetan duten protagonismoa hautemanez. Hainbat gairi buruzko eztabaida gazteekin sustatzea du helburu, arrazakeriaren aurkako ahaleginean sentsibilizatu eta subjektu aktibo izatera bideratuz, errealitatearen analisi kritiko, eraldatzaile eta feminista sustatzeko.