Gaur, Pertsona Errefuxiatuen aldeko nazioarteko eguna da. Horrexegatik elkartu ginen atzo Donostian, beste 17 eragilerekin batera, eta bertara urbildu zen jende guztiarekin batera, bereizketarik gabeko harrera bat exigitzeko. Bilbon eta Gasteizen, gaur izango da manifestaldia. 

Mundu guztia Ukrainari begira dago. Ez da gutxiagorako: milioika pertsonak gerratik ihes egin behar izan dute.

Zentzugabekeria horren erdian, Europar Batasunak lehen aldiz aplikatu du 2001/55 Zuzentaraua, herrialdetik irteten diren ukrainarrei aldi baterako babes orokorra ematen diena. Horrek agerian utzi du, borondate politikoa dagoenean, posible dela babes bila ihesean ari direnen eskubideak bermatzea.

Pozik esango genuke hori dela ohiko erantzuna. Baina ez da horrela. Zuzentarau hori ez da lehendik behin ere aplikatu, ezta Siriako edo Afganistango krisi larrietan ere, besteak beste.

Errealitatea guztiz bestelakoa da: jazarpenetik ihesi Espainiar Estatura iristea lortzen duten gehienek oztopo-lasterketa bati egin behar diote aurre, eta horrek izugarri zailtzen du gure jendartean barneratzeko prozesua. Asiloa eskatzeko izapideak motelak eta korapilatsuak izaten dira eta normalean ukatu egiten dizkiete (hala izan zen 2021ean kasuen % 90 baino gehiagotan). Asilo eskariak ukatzeak irregulartasuna dakar: bizileku- eta lan-baimenik gabe ate asko ixten dira bat-batean eta prekaritatearena zabaldu egiten da.

Era horretan, dagoeneko gure bizilagunak direnei herritartasun-eskubideak mugatzen dizkiete, eta horrek jendarte justu, berdinzale eta kohesionatua eraikitzea oztopatzen du. Horrela, bizikidetzaren oinarriak oso ahulduta geratzen dira.

Bigarren mailako errefuxiatuak dira, ahaztutako gerra eta gatazketatik ihesi doaz eta helmugako herrialdeen interes geoestrategiko, ekonomiko eta komertzialekin topo egiten dute (haien babes- premien aurretik jartzen diren interesak). Indarkeria matxistari ihes egiten dioten emakumeak dira; beren sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik jazarriak izaten ari diren pertsonak; edo ingurune naturala degradatzen duten multinazionalen eraginaren ondorioz, bizibide dituzten baliabideak agortzen zaizkien herriak.

Pertsona horiek iristen direnean, aurrez aurre aurkitzen duten legezko harresiaren atzean, kasu askotan, ibilbide luze eta bortitza uzten dute atzean, batzuetan, modurik eta okerrenean amaitzen dena: 2021ean bakarrik, gutxienez 2.126 pertsona hil ziren Espainiako hegoaldeko mugan. Migrazio- politikak drama humanitario honen jatorrian daude. Mugak kanpora ateratzeak eta militarizatzeak, eta legezko bide segururik ez izateak, gero eta bide arriskutsuagoak erabiltzera behartzen du iheslariak, batez ere emakumeak Hirugarren herrialdeek egiten duten mugen kontrolak koste bat dauka Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararekiko izan duen joera aldaketa historikoak berehalako eragina izan du: Ceutan eta Melillan migrazio-fluxuek behera egin dute. Horrela, Marokok indartu egin du munduko fosfato ekoizpenaren % 70aren eta lurralde horretako arrantza-banku aberatsen gainean duen kontrola. Nazioarteko legeriak dioenaren aurka eta Sahararren eskubideen kontura.

Ez dugu amaitu nahi Mohamed Benhlima ekintzaile, militar ohi eta Aljeriako goi agintari militarren ustelkeriaren salatzailearen egoera salatu gabe. Asiloa eskatu zuen Espainian, baina Aljeriara itzuli zuten, beharrezko prozesurik gabe eta asilo-eskaera ebaluatu gabe. Han espetxeratu eta hainbat prozesu eta kondena ezarri zizkioten.

Horregatik guztiagatik, honako hau ALDARRIKATZEN DUGU:
• Migratzaileak eta errefuxiatuak Espainiara zein Euskadira beren bizitza arriskuan jarri gabe iritsi ahal

izatea bermatzea, asilo-prozeduretarako legezko bide seguruak erraztuz.

• Ceutara, Melillara eta Europako gainerako mugetara iristen diren pertsonen legez kanpoko itzulketak bertan behera uztea.

• Ebazpenetan irizpide estandarrak aplikatzeari uztea, nazionalitatearen arabera eskaerak modu orokorrean ukatzen dituena, eta nazioarteko babes-eskaerak banaka aztertzea.

• Muga-politikak herrialde hartzaileen interes ekonomikoen zerbitzura egoteari uztea. Politika horiek pertsona asko bazterrean uzten dituzte, bai jatorrizko herrialdeetan, bai igarotze herrialdeetan, non ez diren beren giza eskubideak errespetatzen.

• Migratzaileak eta errefuxiatuak instrumentalizatzeari uztea, presio politikorako tresna gisa erabiltzen baitira.

• Pertsona guztiek asilo-eskubidea izango dutela bermatzea, jatorrizko herrialdea edozein dela ere. Horretarako, kasuak banan-banan aztertu behar dira, nazioarteko babeserako eskubidea bermatuz eta errespetatuz, eta inolako bereizketarik egin gabe. Kolonbiako herritarrei, esaterako, sistematikoki ukatzen dizkiete eskariak.

• Harrera-sistema malgua eta iraunkorra ziurtatzea nazioarteko babesa eskatzen dutenentzako, pertsonak ardatz izango dituzten gizarteratze-prozesu eraginkorrekin.

• Ezohiko erregularizazio-bideak gaitzea, eskaria ukatu zaien migratzaileek eta asilo-eskatzaileek legezko estatus erregularra lor dezaten.

• Etxebizitza soziala eta gizarte-, hezkuntza-, osasun- eta kultura-arloko baliabideak eta dirulaguntzak eskuratzeko aukera bermatzea, nazioarteko babesa behar duten pertsonen eta aberrigabeen zailtasunak aintzat hartzen dituzten irizpideak ezarriz, egoera bereziki ahulean dauden pertsonak kontuan hartuta, hala nola genero-arrazoiengatik jazarpena jasan duten edo indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeena.

• Gizarte-prestazioak eskuratzeko irizpideak ezartzea horien lorpena erraztera begira, eta ez prestazioak etetera bideratuta; esate baterako, jatorrizko herrialdean lortu ezin diren agiriak edo Espainiako estatuan ez dauden senideak salbuestea, izapideak arintzea eta komunikazioa hobetzea.

• Osasun mentaleko arreta-sarerako edo lan psikologikora zuzendutako taldeetan parte hartzeko sarbidea erraztea, bizi izandako egoera traumatikoetatik osatzen laguntzeko.

• Diskurtso diskriminatzaile eta xenofoboei aurre egitea, prebentzio- eta monitorizazio-neurriak hartuz, eta integrazio-, bizikidetza-, berdintasun- eta diskriminaziorik gabeko planak eraginkortasunez diseinatu eta inplementatzen direla bermatzea administrazioaren maila guztietan, ikuspegi komunitariotik eta beharrezko aurrekontu-esleipenarekin.

• Tokiko biztanleei zuzendutako sentsibilizazio-ekintzak gauzatzea, errefuxiatuekin eta migratzaileekin batera gizarteratzean eta elkarbizitzan eragiteko, hala nola zurrumurruen aurkako estrategien bitartez.

• Euskadik Frantziarekin duen mugan profil etnikoaren arabera egiten diren lurreko muga-kontrolak etetea eta migratzaileentzako korridore humanitario seguruak sortzea.

• Armen merkataritza gelditzea, gerrak areagotu besterik egiten ez duena. Gerrek eragiten dituzten miseriatik ihesean, hain zuzen, milaka pertsona desplazatu egiten dira, mugetan pilatuz edo beren buruak itsasora jaurtiz

    SOS Racismo Gipuzkoa, ZEHAR Errefuxiatuekin, Salvamento Marítimo Humanitario, Zaporeak, Grupo Oarso Taldea, Hiritarron Harrera Sarea, Oxfam, Bake Ekintza Antimilitarista, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Amigos RASD, Hotz Zarautz, Kolore Guztiak, Jatorkin Al-Nahda, EIPE – ZAIE Elkartea, DENON Elkartea, Mundubat, Asociación Matiz, Red Atenea.

    Zehar Errefuxiatuak atzo Donostiako manifestazioan atera zituen argazkiak ondorengo galerian ikusi ditzakezu: