Martxoak 21. Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko Eguna

Atzo ETB1eko Biba zuek telebista saioak arrazakeria eta xenofobiari buruz mintzatzeko tartea eskeini dio, gaur Martxoak 21. Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta.

Bertan, Papa Sarr-ek hartu du parte, Bergarako Ndank Ndank elkartetik. Senegaldar eta euskaldunez osatutako irabazi asmorik gabeko elkarte bat dira, eta bi komunitateen arteko elkarrekintza eta komunikazioa bultzatzen dute, kulturartekotasun balioa goraipatuz. Elkarrekin lankidetzan Senegalgo Dionewar herrian proiektu desberdinak aurrera eramaten dituzte. 

Honekin batera, Gasteiztik Yueria Diafik Islamofobiari buruz hitz egin du. Aita aljeriarra eta ama gasteiztarra, Yueriak bere egunerokoan pairatzen dituen aurreiritzi eta diskriminazioak azaldu ditu, batez ere lana bilatzeko unean.

Azkenik, SOS Arrazakeria Gipuzkoako Imanol Legarda bertan izan da ere, joan den igandean ospatu zen HILMUGAK arrazakeria eta xenofobiaren kontrako martxa azaltzeko. 650 bat pertsonek hartu zuten parte mugetan ematen diren indarkeriak salatzeko.