SOS Arrazakeriako hezkuntza eta mentoretza sailak, Emaús Gizarte Fundazioa, Saretuz, Hiritarron Harrera Sarea, Cristina Enea Fundazioa eta SETEM Hego Haizek, hartu dugu parte gaurko saioan
SOS Arrazakerian aisialdian oinarritzen diren hainbat proiektu ditugu, batez ere mentoretzan oinarritzen diren proiektuak. Baina hauetan, zein aisialdi eredu sustatzen edo errepikatzen dugu? Egiazko Auzoa proiektuaren helburuen artean aisialdia beste modu batean ulertzea dugu, izan ere aisialdi eraldatzaile, jasangarri eta inklusibo bat sustatu nahi dugu proiektu honekin.
Horretarako, Emaús Gizarte Fundazioarekin batera ikaste-irakaste prozesu bat aurrera daramagu auzoan gai desberdinak jorratzen dituzten hainbat elkarterekin. Asmoa elkarte bakoitzak besteengandik ikastea da, eta gaurkoan Cristina Enea Fundazioak kudeatu du parkean bertan egindako saioa. Ekomenpetasunaz eta naturarekin dugun harremanaz mintzatu eta hausnartu dugu, baina Oihana Orkolagak azpimarratu duen bezala, jasangarritasuna eta naturarekiko sentsibilizazioa modu esperientzial batean egiten denean funtzionatzen du hoberen. Horregatik, Cristina Enea Fundazioak eskeintzen dituen baliabideak praktikan ezagutu ditugu parkean zehar ibiltzen.
NATURAK ESKEINTZEN DIGUN EZAGUTZA, OSASUNA ETA KULTURA
Talde txikietan banatuta, naturaz gozatzeko hiru baliabide ezagutu ditugu.
Landareen ibilbidea: Natura uneoro aldatzen da, hortaz inguruan ditugun bazterran ezagutu arren, beste begiradaz ikusita, ekarpen berri asko topatuko ditugu. Fundazioak hilabetero parkean ematen diren prozesuak azaltzen dituen txosten txiki batzuk prestatzen ditu, non adibidez une hortan loratzen ari diren loreak zeintzuk diren edo pasean dauden txoriak zeintzuk diren azaltzen diren. Informazio hau irakurtzen, elementu zehatzen bila, parkea beste begirada batekin ikusi dugu.
Orientazio zirkuitoa: Urgull, Ulia eta Cristina Eneako guneetan fundazioak orientazio zirkuitoak ditu eskuragarri, orientazioa lantzeko eta kirola beste modu batean egiteko.
Kleos Cristina Enea aplikazioa: Parkean mundu osoko zuhaitzak daude, eta mugikorrera deskargatu dezakezun aplikazio honen bitartez, zuhaitz bakoitzaren jatorrizko herrialdeko musika desberdina entzuteko aukera duzu.
Nomad Garden, Antropoloops eta Datrikesek garatua, proposamen bat da, “inguratzen gaituzten landareen kanpoko memoria entzuteko eta parkean zehar paseatuz elkarrekin ehuntzeko”. Izendatutako eta lokalizatutako espezie bakoitzak “bere jatorrizko eremu geografikoko musika tradizionalaren zati bat” du lotuta, aktibatu eta bolumenez handitzen dena bertara hurbildu ahala.
CRISTINA ENEA FUNDAZIOA
2005eko ekainean bere ibilbideari ekin zion Cristina Enea egitasmoak, Donostiako Udalak sustatutako Ingurumen Baliabideen Etxeak, bere hastapenetatik izan zuen ingurumen esparruko dibulgazioan eta sentsibilizazioan botere publikoen eta erakunde pribatuen arteko elkarlana erraztea. 2009az geroztik, Cristina Enea Fundazioaren sorrerarekin, fundazioak berak hartu zuen bere gain Ingurumen Baliabideen Etxearen kudeaketa, bai eta aurrerago Urgulleko Natur Txokoa, eta 2013az geroztik Ulia Interpretazio Zentroa ere. Gainera, Cristina Enea Fundazioak Iraunkortasunaren Behatokia ere kudeatzen du, eta Donostiako Udaleko Mugikortasun Atalarekin sinatutako elkarlan-hitzarmenaren ondorioz, Bizikletaren behatokia zuzentzen eta kudeatzen du.